Justizia herritarrengana hurbiltzen

Erreportajeak

Egun bat Santurtziko Bake Epaitegian

Maite Mena Santurtziko Bake Epaitegiko idazkaria da. Santurtzi 46.000 biztanletik gora dituen bizkaiko udalerria da. Maitez gain, Bake Epaitegian beste hiru langile daude: Begoñaren ardura  nagusia –kudeatzailea da- herritarrei harrera egitea da; Marisa eta Alfonso berriz, izapidegileak dira, eta komunikazio egintzekin, exhortoekin… zerikusia duten auziez  arduratzen dira. Lau langile daude, beraz, biztanle kopuru handienetarikoa duen Euskadiko Bake Epaitegi hau kudeatzeko.

Maite Mena, Santurtziko Bake Epaitegiko idazkaria, bere bulegoan.

2016ko datuen arabera, 244 jaiotza-, 126 ezkontza- eta 193 heriotza-inskripzio; 54 ezkontza espediente eta 4.332 jaiotza- ezkontza-, heriotza- eta bizi-ziurtagiri eskaera, 6.798 komunikazio-egintza eta 53 adiskidetze-egintza egin dituzte. Ez da ez, lan makala, Santurtziko erdialdean dagoen eta bulego propioak dituen Bake Epaitegi honek egiten duena.

Euskadiko planta judiziala 14 Barruti Judizialek osatzen dute:  Amurrio, Gasteiz, Balmaseda, Barakaldo, Bilbo, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Tolosa.  Herri eta hiri horietan Justizia Jauregiak daude; baina eraikin judizialik ez duten gainerako  udaletan Bake Epaitegiak daude. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak ez dauden lekuetan, alegia.

Bake Epaitegiek Justizia Administrazioari dagozkion zerbitzurik errazenak eskaintzen dituzte.  Ezkontza-, jaiotza- eta heriotza-ziurtagiriez gain, ziurtagiriak eman, ezkontza espedienteak ireki eta izen-abizen aldaketak kudetatzen dituzte. Horrez gain, adiskidetzeak egin, salaketak jaso, eta komunikazio-egintzak egiten dituzte. 

Euskadin 238 Bake Epaitegi daude, eta horietako batzuk hain dira txikiak, ezen elkarteketan bilduta dauden. Elkarketetako langileek, herri bakoitzeko biztanleei zerbitzua eman ahal izateko, herri batetik bestera joan behar dute. 

Epaitegiaren antolaketa

Santurtziko Bake Epaitegia ez da, ez, horietakoa. Udalerriak 46.000 biztanle ditu, bake epaileaz gain, lau funtzionario daude.  Erregistro Zibilari dagokion lana Begoñak eta Maitek egiten dute. Begoña sarreran dago eta herritarrei harrera egiten die, Maitek berriz, bulegoan lan egiten du. Bestetik, Marisaren eta Alfonsoren ardura exhortoak dira -beste epaitegietara bidaltzen diren eskaerak-; Alfonso, horrez gain, jakinarazpenak banatzera joaten da.

Santurtziko Bake Epaitegiko lantaldea: Begoña, Maite - irudian, bere bulegoan-, Alfonso eta Marisa.

 “Hala ere, Epaitegi honetan guztiok denetarik egiten dakigu”, dio Bake Epaitegiko idazkari gisa 30 urtetik gorako esperientzia duen Maite Menak.  Maiterentzat Epaitegia bere bigarren etxea da eta “herritarrak ez daitezela zain egon” bere esaldia.  Justiziaren geldotasuna eta bera, ez datoz bat. “Epaitegira izapide bat egitera datorrenari ez diot inoiz txanda hartu eta beste egun batean itzultzeko esan. Nahiko lan hartu du hona etortzen, agian laneko egun bat galdu du; pentsa zer suposatuko zukeen nik beste egun batean itzultzeko esango banio.  Horregatik, guztia unean bertan egiten saiatzen gara. Posible bada, hitzordu gabe lan egitea eraginkorragoa dela uste dut”.

Maitek bere lana maite du eta berrikuntza guztien jakinaren gainean egotea gustatzen zaio.  Adibidez, Santurtziko Bake Epaitegia izan zen erregistroko liburu guztiak digitalizatu zituen lehenetariko bat. “Nire erabakia izan zen. 1992. urtean argi ikusi nuen kontsulta bat egiteko edo ziurtagiri bat egiteko erregistro liburuekin hara eta hona ibiltzea ez zela batere eraginkorra. Liburuek pisu handia dute, eta bilaketa egitea ere, nekeza da.  Hortaz, digitalizatzea erabaki nuen. Udaletxekoekin hitz egin nuen eta liburu guztiak eskaneatu genituen”, dio Maitek bere bulegoan eserita.

Batzuetan Begoñaren ordez sarreran egoten bada ere, Maiteren ohiko lana bulegokoa da, adiskidetze egintzez arduratzen da, akatsen zuzenketa eskaerez, kaleratzeez, ezkontzez, e.a. Lan guztia zehatz mehatz antolatuta dauka, eta izapide bakoitzerako bere kabuz erredaktatu dituen informazio-liburuxkak ere baditu.  “Kontua zera da, erabiltzaileetako askok ez daki zein den BakeEpaitegietan egiten den lana”, dio Maitek.   “Adibidez, haur bat inskribatzera etortzen direnean ez dakite abizenen ordena aukeratu dezaketela”. Edo ziurtagiri bat eskatzen dutenean, ez dakite doan dela.  Izan ere, badaude 50 euroren truke ziurtagiriak kudeatzen dituzten  web atariak.  Hona datozen guztiei eskaera JustiziaNet-etik online egiteko aukera daukatela esaten diegu”.

Lana, bikoiztuta

“Bake Epaitegien eta Erregistro Zibilen funtzionamenduaren zenbait arlorekin ez nator bat”, aitortu du Maitek.  “Esate baterako, bizi- eta egoera-agiria ziurtagiriak emateko prozedurarekin ez nago ados.  Gauza askotarako bizi- eta egoera-agiria aurkeztu behar da: laguntzak jasotzeko, izatezko bikote egiteko, Iberdrola bezalako enpresek ere eskatzen dute, edo eta zenbait lekutan, erretiroa hartu ostean, gabonetako otarra jaso ahal izateko. Ez dauka zentzurik, are gehiago, askotan bizi-agiria norberak eraman behar duela kontutan hartzen badugu.  Hau da, zerorrek eraman behar duzu, bizirik zaudela egiaztatzen duen agiria. Bulegoko atetik sartzen ikustea, ez al da nahikoa?

Marisa Santurtziko Bake Epaitegiko artxiboa erakusten.

Datuen Babeserako Legearekin ere, ez dago ados. “Udaleko arduradunekin egin ditugun zenbait batzarretan nire desadostasuna adierazi diet, baina hala ere, ezin dut nahi dudana egin”, dio Maitek.  “Kaleratze agindu bi izan dituen gazte bat ezagutzen dut: alokairuan bizi da eta ez du inoiz ordaintzen. Une honetan, beste etxe bat alokatzera doala dakit, baina debekatuta daukat etxearen jabeei ezer esatea. Gauza berdina gertatzen da genero indarkeria auziekin. Behin, ezkontza espediente bat hastea egokitu zitzaidan, eta gizonak bere aurreko bikotekideekiko urruntze-agindua zuela nekien, baina ezin nion neskari egoeraren berri eman”, azaldu du Maitek.

Etorkizunari dagokionez, Santurtzin gustura dago Maite. Hala ere, erronkek erakarri egiten dutela onartu du eta “gaizki doan epaitegi batera errefortzu gisa joan eta gauzak aurrera ateratzen laguntzera joateko prest egongo nintzateke”gaineratu du.

Lehenengo harremana

Santurtziko Bake Epaitegiaren harrera-leihoan Begoña dago.  2010. urtetik bere ardura da erabiltzaileei harrera egitea da, baina oraindik ere larritu egiten da amaierarik gabeko ilara bat ikusten duenean. Egunero zer gertatuko den ez jakitea da, bere hitzetan, okerrena: “Batzuetan galdera oso arraroak egiten dituzte, eta erantzunaren bila ibili behar izaten naiz, artean erabiltzailea nire begira dagoela.  Horrek oso urduri jartzen nau”. 

Begoña da Santurtziko Bake Epaitegiko harrera-bulegoaren arduraduna.

Egunero datozen gehienek jaiotza-inskripzioei, ziurtagiriei edo jaioberrien izenei buruzko zalantzak dituzte, baina Begoñaren hitzetan, “badaude zer nahi duten ez dakiten erabiltzaileak ere”, eta horregatik, “batzuetan zer behar duten jakiteko lehenengo galdekatu egin behar ditut”. Sudurluzea naizela pentsa dezakete, baina jaiotza-ziurtagiri mota ezberdinak daude, eta zein behar duten jakiteko informazio zehatza behar dut. Ez dira berdinak haur bati lehendabizikoz NANa egiteko jaiotza-ziurtagiria, ezkontzeko  jaiotza-ziurtagiria, edo atzerrian izapide bat egiteko jaiotza-ziurtagiria.

Santurtziko harrera bulegoan 17 urtez lan egin ondoren, Begoñak kexa bakarra dauka: Erregistroan egiten den lana aintzat hartzen ez dakien jendea.  “Ernegua ematen didate, zer-nolako lana dagoen kontutan hartu gabe, ziurtagirien kopiak bata bestearen atzetik eskatzen dituztenek. Doan denez, berdin zaie formatu egokia eskatu duten ala ez, edo ez dute iraungitze-data kontutan hartzen. Esate baterako, ziurtagiria online eskatu dute, eta etxean jasotzeko egun batzuk behar direnez, gero epaitegira datoz ziurtagiria unean bertan egiten diegulako. Kasu horietan, dagoeneko ziurtagiria eskutitz bidez bidalita egotea gerta liteke.  Familia-liburuen kopiarekin gauza berdina gertatzen da.  Eguneroko kontua da, batzuei etxetik liburua biltzea baino errazagoa egiten zaie kopia bat eskatzea “, dio Begoñak. 

Santurtziko Bake Epaitegiko lantaldea osatzeko Marisa eta Alfonso falta dira.  Langile biek bulego berdinean egiten dute lan, Epaitegiaren barruko aldean. Komunikazio egintzak eta exhortoak dira, besteak beste, euren ardura. “Egunero dator jendea jakinarazpenak jasotzera, eta batzuetan, pertsona desatseginak datoz”, aitortu du Mariak, eta “jendearekin lan egiteak badu alde txar hori”, gaineratu du.

Marisa Blanco bere bulegoan telefono dei bati erantzuten.

Santurtziko Bake epaitegian hainbat segurtasun neurri daude, baina “guztiak zaharkituak”, dio Marisak. “Izu-botoi bat daukagu, eta ez du funtzionatzen. Bideo kamerek aspaldi utzi zioten grabatzeari, segurtasunezko atea ez dago erabilgarri eta leihoetako kristalak blindatuak diren arren, markoak ustelduta daude”.

Udalaren ardura da Bake Epaitegiari bitartekoak jartzea. Santurtzin, adibidez, ekipo informatikoak dituzte, internetera konexioa, inprimagailuak eta fotokopiagailua dauzkate.  Zentzuzkoa dirudien arren, Bake Epaitegi txikietan batzuetan ez da horrelakorik egoten. Udalaren erabakia da, baita ere, bizilekuetara jakinarazpenak egiteko modua zein izango den erabakitzea. “Lehen taxian joaten ginen”, dio Marisak.”Santurtzi handia da eta ezin dituzu jakinarazpenak oinez eraman. Duela denbora, jakinarazpenak gure ibilgailuekin egin behar genituela jakinarazi ziguten Udaletxetik, eta orain kilometroak ordaintzen dizkigute.  Hortaz, lan hori Arturok hartu du, eta motorrean doa”.

2017ko ekainaren 27ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.

Bitartekaritzako profesionalak Bilbon batzartu dira EAEko esperientzia aztertzeko

Martxoaren 17an egin dute, Deustuko Unibertsitatean, “Bitartekotza, errealitatea”  II. jardunaldia. Batzarra Adosten Elkarteak antolatu du eta EAEko bitartekaritzaren esperientzia ikertzea izan du helburu. Besteak beste, epaile, abokatu, Eusko Jaurlaritzako ordezkari eta Kantabria, Asturias, Galizia eta Albaceteko bitarterkaritza arloko adituek parte hartu dute.

Jardunaldian parte hartu dute Justizia Sailburuorde Miren Gallastegik, EAEANren presidente Juan Luis Ibarrak, BJKNren magistratu Ana María Carrascosak eta Donostiako Magistratu María José Ruak, besteak beste.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Deustuko Zuzenbide Fakultateko dekano Gema Tomásek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuorde Miren Gallastegik eman diote hasiera ekitaldiari. Gema Tomasen hitzetan, ikasleek geroz eta gehiago eskatzen dute bitartekaritzarekin lotutako  trebakuntza. Miren Gallastegi Sailburuak, berriz, “zenbakiak kontutan hartuta, egin duten lana guztiz eraginkorra izan delako” Eusko Jaurlaritzako Bitartekaritza Zerbitzuaren lana goraipatu du. Bide horretatik, Eusko Jaurlaritzaren helburua Justizia Konponarazlea Zigortzailearen osagarri gisa bultzatzea eta Justizia Administrazioak kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea dela gaineratu du.

Jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, EAEko Fiskaltza Nagusiko kide Juan Calparsorok, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko magistratu Ana María Carrascosak eta Donostiako Adingabeen Magistratu Maria Jose Ruak hitz egin dute. 

Adosten elkarteak bitartekaritzari buruz antolatzen duen bigarren jardunaldia da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

“Bitartekaritzaren oinarria elkarrizketa da”

EAEANren presidenteak epaileek epaitegi barruko bitartekaritzaren alde egiteko dituzten arrazoiak azaldu du.  Ibarraren ustez teknika horrek “hobetu eta justuago epaitzeko bidea ematen du”. Juan Calparsorok, bestalde, “bitartekaritzaren oinarria elkarrizketa dela” azpimarratu du.  BJKNren Magistratu Ana Maria Carrascosa ere adierazpen horrekin bat etorri da eta  bitartekaritzak, hitz egitea oinarri duenez, ”Justizia gizatiartu egiten duela” gaineratu du.

Bitartekaritzan aditu den talde batek eman dio amaiera jardunaldiari.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hitzaldien azken txanpan Eusko Jaurlaritzako Familia barruko Bitartekaritza Zerbitzuko abokatu eta bitartekari Cristina Merinok, Gizagune Fundazioko psikologo Yolanda Muñozek, Langraiz Okako Espetxeko bitartekari Carlos Romerak, eta Eusko Jaurlaritzako Epaitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuko bitartekari Gerardo Villar eta Elena Fernandez Markaidak parte hartu dute. 

Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Zerbitzuak

Justizia Leheneratzailea erdiesteko tresna egokiena bitartekaritza da. Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen  Estatuan bitartekaritza zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak: 

  • Familia: Familia Bitartekaritzarako 1/2008 Legeak, otsailaren 8koak, araututakoa. Aditu inpartzialek laguntza ematen diete aldeei, familia-gatazketan adiskidetasunezko konponbideak elkarrekin erdietsi ditzaten.
  • Kontsumoa: Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide erakunde autonomoak egiten ditu bitartekari-lanak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eta horiek eskuratu dituzten zerbitzuen eta produktuen hornitzaileen artean.
  • Hipoteka: Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuaren Euskadiko taldeko profesionalen bitartez eskaintzen dena.  Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko.
  • Gazte Justizia: legea hautsi dutelako atxilotutako adingabeen kasuan abiarazten den zerbitzu bat da. Helburua da adingabeak berak eragin dituen kalteak aitortzea eta biktimarekin konpondu ahal izatea.  Halako bitartekaritzari esker, adingabeak kontzientzia hartzen du eta hura berriz gizarteratzea sustatzen da; halaber, hark arauak berriz haustea eta zigor askatasun-kentzaileak saihesten dira.  
  • Helduen justizia: Bitartekaritza Zerbitzu Judiziala, 2007an sortu zenetik izan duen hazkundea dela medio, Euskadin Estatuan beste inon baino garatuago dago: Estatuan bitartekaritzaren formularen bidez konpondutako 10 kasutik 6 Euskadikoak dira. Zigor-arloko jurisdikzioan eta zibil-familiarrean (banantzeak, dibortzioak, zaintza, gatazkak ardurapeko seme-alabekin, etab.) eskaintzen da zerbitzu hori.
2017ko martxoaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erreportajeak. Iruzkin bat egin.