Justizia herritarrengana hurbiltzen

Gizarte-elkarrizketa eta Justizia modernoa, herritarrentzat eskuragarria, dira Lan eta Justizia Sailaren erronka nagusiak

Gizarte-elkarrizketa eta Justizia modernoa, herritarrentzat eskuragarria, dira Lan eta Justizia Sailaren erronka nagusiak

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean bere Sailak XI. legealdi honetan jarraituko dituen ildo nagusiak. Sailburuarekin batera izan dira Legebiltzarrean Laneko sailburuorde Jon Azkue eta Justiziako sailburuorde Miren Gallastegui.

Sailak bi jarduera-esparru ditu, Lana eta Justizia, eta esparru bakoitzaren helburuak bananduta aztertu behar dira bakoitzaren garrantzia dela eta. Hala ere, sailburuak, aldez aurretik, bere jarduera gidatuko duen ideia nagusia azaldu nahi izan du: elkarrizketa, begirunez eta inor baztertu gabe, baina beti elkar ulertzea, akordioa eta elkarbizitza helburutzat hartuta.

Gizarte Elkarrizketa

Lan-arloko erronka nagusien artean, sailburuak Gizarte Elkarrizketarekin hartutako konpromisoa nabarmendu du, langileen lan-baldintzarik onenak adostu ahal izateko eta enpleguak kalitatezkoak izan daitezen lortzeko funtsezkoa dena.

Konpromiso horren baitan, helburuetako bat da Gizarte Elkarrizketaren Mahaia sustatzea eta zabaltzea, “gure ustez mahaian parte hartu behar duten gizarte-eragile guztiak egon daitezen bertan”. Gizarte-eragileek erakundeetan parte hartzeko organo iraunkorra behar du izan Gizarte Elkarrizketaren Mahaiak, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek eta ordezkaritzarik handiena duten sindikatu eta enpresa-erakundeetako ordezkariek, bertan parte hartu nahi dutenek, jakina, osatu behar dute.

Bestalde, San José sailburuak hitzeman du abian jarriko dituela sindikatuen, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomiaren Garapena, Hezkuntza, Enplegua eta Lana sailak) artean 2016ko uztailaren 22an lortutako akordioetan zehaztutako neurriak. Sailaren ustez negoziazio kolektiboan aurrera egitea eta negoziazio kolektiboa sustatzea ere konpromiso bat da, lau sindikatu nagusiek eta Confebaskek urtarrilaren 17an lortutako akordioaren ostean.

Lan-iruzurraren aurkako borroka

Sailak lehentasuna emango dio lan-iruzurraren aurkako borrokari, eta horretara bideratuko ditu bere ahaleginak:

  • Lan-iruzurraren aurkako postontzi bat sortuko du, eta bertara sarbidea izango dute, anonimotasunez, lanean jasaten dituzten egoera bidegabeak salatu nahi dituzten langile guztiek.
  • Lan-ikuskaritzak honako gaiei buruzko kanpainak egingo ditu: kontratu-mota ezberdinak eta horien ezarpen eraginkorra kontrolatzekoak; lan-baldintzei buruzkoak; emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzekoak (sexua dela-eta enplegua eskuratzean jasaten den diskriminazioari eta laneko jazarpenari aurre egiteko eta berdintasun planak eta neurriak sustatzeko).

Laneko osasuna eta segurtasuna

Sailak laneko istripuen kontra egingo du borroka. Gizarteari ikusarazi behar zaio laneko istripuak ez direla saihestezinak. Horretarako, arriskuen prebentzioa sakonduko dugu langileen prestakuntzaren bitartez, eta istripuei amaiera emateko behar diren neurriak hartuko ditugu.

Gure erakunde autonomo Osalanen lana indartuko dugu, eta bere baitan sustatuko ditugu behar diren neurriak gizarte-eragileekin hitz eginez eta akordioak lortuz.

Gizarte Ekonomia

Gizarte Ekonomia da lan-arloko beste atal esanguratsu bat. Euskadiko Gizarte Ekonomiaren egitura erreferentzia da nazioartean. Gizartearen ikuspegitik arduratsuak diren, ekintzaileak diren eta kalitatezko enplegua sortzen duten, EAEko enplegu guztiaren % 6,12 diren eta, gainera, urte hauetan egiaztatu duten moduan, krisialdietan iraunkorrak diren erakundeak dira. Gizarte Ekonomia, eta arlo hori osatzen duten kooperatibak eta lan-sozietate anonimoak, bai eta elkarlanean diharduten gainerako enpresak ere, aurrerapauso bat dira enpresaren demokratizazioan eta parte-hartzean.

Gure konpromisoa da Jaurlaritza osoak Gizarte Ekonomiaren alde egindako apustua gidatzea. Premisa horretatik abiatuta, gure helburua da Kooperatiben Legearen aurreproiektua egitea, eta gure asmoa da Eusko Legebiltzarrera 2018ko lehenengo seihilekoan bidaltzea. Bestalde, enpresa berriak sortzea eta lehendik daudenak garatzea sustatuko dugu, eta horien jarduteko ahalmena sendotzeko partzuergoak eta lankidetza-sareak sortzen lagunduko dugu.

Justizia, herritar guztientzako zerbitzua

Gure abiapuntua da Justizia dela Estatu Demokratikoaren oinarrietako bat. Justizia, beraz, askatasun publikoak eta herritarren eskubideak bermatzeko zerbitzu publiko bat baino ez da.
 

Euskal herritar guztientzat justizia azkarra, efizientea eta eraginkorra nahi dugu, haien eskubideak, besteak beste, herritar guztiek justizia eskuragarri izatekoa, bermatzeko.

Genero-indarkeriaren biktimak

Arreta berezia eskaini nahi diogu genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzua hobetzeari. Hobekuntza hori eraginkorra izan dadin:

  • Abokatu-laguntza espezializatuaren zerbitzuak indartuko ditugu, deklarazioetan atzerapenak edo luzapenak saihesteko.
  • Epaitegietako eraikinetan egoitzak egokituko ditugu biktimen eta biktima-eragileen arteko kontaktua saihesteko.

Bitartekotza

Lan eta Justizia Sailak Justizia leheneratzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du, auziak eta gatazkak azkar eta eraginkortasunez ebatziko dituena eta segurtasun juridikoa eskainiko duena. Sustatuko dugu bitartekotza beste jurisdikzio batzuetara, besteak beste, Zibilera, hedatzea gatazkak ebazteko aukera gisa. Era berean, Bake Justiziaren alde egingo dugu gatazka sinpleak eta arinak ebazteko.

Gazte Justizia

Lege Penalarekin auzitan dauden adingabeen arreta indartuko dugu, eta ezarritako neurriak betetzeko dauden zentroetan behar adina plaza eskainiko ditugu. Bestalde, hitzematen dugu aldian aldian ikuskatu eta ebaluatuko direla heziketa-zerbitzuak eta -zentroak.

Euskara

Erabat sinesten dugu Justizia elebidunean. Jarraitu egingo dugu, beraz, prozesu judizialen tramitazioan eta dokumentazio juridiko guztian euskara hizkuntza natural gisa ezartzen.

Justizia Administrazio elektronikoa

Hori guztia eraginkortasunez, efikaziaz eta XXI. mendeko ikuspegiarekin egiteko, Justizia eskura ditugun baliabide teknologikoez baliatzea lortu behar dugu. Horixe da, besteak beste, Justizia modernizatzea. Alde horretatik, modernizazio hori garatzeko programak eta planak sortu eta betearaziko ditugu, Espediente Judizial Elektronikoa sustatuko dugu eta Justizia Administrazio Elektronikoa Sustatzeko Plana egingo dugu.

Langileak eta prestakuntza

Neurriak hartuko ditugu langile judizialak eta judizialak ez direnak egonkortzeko, eta epaileen, fiskalen, Justizia Administrazioko letraduen, funtzionarioen eta Justiziaren zerbitzura dauden langile guztien prestakuntzaren kalitatea areagotuko dugu.

Transferentziak

Jaurlaritzarentzat eta euskal herritar guztientzat garrantzi handia du autogobernua garatzeak. Alde horretatik, PSE-EEren eta EAJren arteko akordioan berariaz jasota dauden eta eskualdatzeko negoziatu egin beharko diren bi transferentziek, bai Gizarte Segurantzaren Erregimena kudeatzekoak bai Espetxe Erakundeetako eskumenenak, eragin zuzena dute gure Sailean. Eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagokion arren hori sustatzea, Lan eta Justizia Saila erabakigarritasunez saiatuko da bi transferentzia horiek lortzen.

Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren Kudeaketa, gobernu-akordioan jasota dagoenaren arabera, “Gernikako Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorra” jarraituz eskualdatu behar da, eta bertan jartzen du “Estatutu honen aplikapenerako sortuko den Transferentzi Batzorde Mistoak burutuko ditu komenio egokiak, zeinen bidez Komunitate Autonomoak bere esku hartuko baitu Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa, beti batasunezko joerarekin eta solidaritatezko printzipioari jarraiki, gestio ordenatu batetarako komenio horietan erabakiko diren prozedura, epe eta konpromezuei jarraituz”.

Espetxe Erakundeen eskumenak eskualdatzeari dagokionez, berriz, gure gain hartuko ditugu, oso argi izanda garatuko dugun espetxe-politikaren funtsezko jomuga gizarteratzea eta heztea izango dela. “Niretzat espetxe-politika bakarra benetako politika soziala, errehabilitazioa helburu duena, da”.

Ekimenak eta proiektuak

Azkenik, Lan eta Justizia Sailaren arduradunak Sailak Eusko Legebiltzarrera bideratuko dituen proiektuak eta ekimenak gainbegiratu ditu, eta espero dugu horien inguruan akordioak lortzea.

Ekimen horietako bat aipatutako Kooperatiben Legearen aurreproiektua da. Bestalde, Lan eta Justizia Sailak 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoa egiten parte hartuko du beste sail batzuekin batera.

Legealdi honetarako bi plan espezifiko garatzeko asmoa ere badugu:

  • Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko 2011-2020 Plan Orokorra
  • 2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia.

Eta, gainera, beste bi plan hauek landuko ditugu:

  • 2019-2023 aldirako Gazte Justiziaren Plana.
  • Justizia Administrazioko Administrazio Elektronikoa Sustatzeko Plana.

María Jesús San José sailburuaren amaierako mezuak elkarrizketari heldu dio berriz: “Berretsi nahi dut elkarrizketa, iritziak alderatzea, oinarri hartuta egin nahi dugula lan neuk eta nire lantaldeak, eta beti akordioak lortzea helburutzat hartuta. Denok ahalegintzen bagara, elkartzen gaituzten puntuak aurkituko ditugu, eta horiek abian jarrita politika herritarrengana hurbilduko dugu eta herritarren egoera hobetuko dugu”.

 

2017ko otsailaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Eusko Jaurlaritza. Iruzkin bat egin.

Zer da Espediente Judizial Elektronikoa?

Zer da Espediente Judizial Elektronikoa?

Duela gutxira arte, espediente judizialak batetik bestera fisikoki lekualdatu behar ziren. Orain, Espediente Judizial Elektronikoa parte-hartzaile guztientzat eskuragarri dagoen informazio-txosten digitala da. Hain zuzen ere, espediente judizial elektronikoa da Justiziaren eraberritzearen ardatz nagusietako bat.

Espediente judizial elektronikoa gauzatzeko helburuarekin, profesionalek demandak eta idazkiak telematikoki aurkezteko sistema finkatzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza. Prozedura hori abian jartzea erronka handia izan da, ezarpenaren konplexutasunagatik batetik, eta ezarpenarekin jarraitu aurretik sistema berriak erabateko egonkortasuna behar duelako, bestetik.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako plataforma JustiziaSip deitzen da, eta organo judizialek eta operadore juridikoek (abokatuak, prokuradoreak, lan-harremanetako gradudunak) eguneroko jardunean informazioa modu seguruan trukatzeko aplikazioa da (jakinarazpenak, idazkiak eta demandak). Profesional horiek eguneroko jardunean dokumentu judizialak elkartrukatu behar dituzte (jakinarazpenak, idazkiak eta demandak).

Gaur egun JustiziaSip-ek 6.500 erabiltzaile inguru ditu, eta 2016ko lehen seihilekoan milioi erdi komunikaziotik gora egitea ahalbidetu du.

 

2017ko urtarrilaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Ba al dakizu?. Iruzkin bat egin.

Hizkera juridikoaren ulerkuntza hobetzeko Estilo-liburu propioa izango du Justiziak

Hizkera juridikoaren ulerkuntza hobetzeko Estilo-liburu propioa izango du Justiziak

Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidente Carlos Lesmesek, eta Espainiako Errege Akademiaren (RAE) zuzendari  Darío Villanuevak, aste honetan aurkeztuko dute Justiziaren estilo liburua, Auzitegiko galdutako urratsen Gelan. Estilo-liburuaren helburua epaile, abokatu eta justizia arloko langileek gaztelania egoki erabiltzea da.

Ekitaldian  lanaren zuzendari eta RAEren kide eta idazkari Santiago Muñoz Machadok parte hartuko du. Estilo-liburuan idaztarauak, izenen erabilera, laburdurak, zeinuak, gramatika-arauak, ohiko akatsak eta atzerriko izenen erabilerari buruzko jarraibideak jaso dira, besteak beste. Argitalpenaren xedea, hizkuntza juridikoak XXI. mendeko gizarteari egokitutako kalitatea, gaurkotasuna, doitasuna eta ulergarritasuna erdiestea da. 

Aurkezpenean gaztelania juridikoaren hiztegiaren bertsio digitala ere aurkeztuko da. Hiztegi juridikoa iaztik paperean inprimatuta dago, eta Justiziaren estilo liburua bezala, BJKNren eta Espainiako Errege Akademiaren artean 2014ko azaroaren 26an sinatutako hitzarmenaren emaitza da.

Ekitaldian egongo dira, beste batzuen artean, Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak, presidenteordea, Gobernu Salaren kideak, Auzitegi Gorenaren magistratuak eta Auzitegi Nazionaleko zein Justizia Auzitegi Nagusietako presidenteak.

2017ko urtarrilaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.

Ustelkeriari buruzko datuak Euskadin: 28 akusatu edo/eta prozesatu

Ustelkeriari buruzko datuak Euskadin: 28 akusatu edo/eta prozesatu

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ostegun honetan aurkeztu du ustelkeriagatik hasitako prozedura judizialen datuak biltzen dituen txostena; publikoa izango da eta horren bitartez ustelkeriaren aurka Justiziak hartutako neurrien berri jakin ahal izango dute herritarrek.

BJKNk ustelkeria publikoari buruzko datuak bildu ditu txostenean, herritarrak gehien kezkatzen dituen ustelkeria mota dela uste duelako. Era horretara, funtzionario publiko, agintari eta politikoek euren jardunean egindako iruzurrekin  zerikusia duten prozedura judizialei buruzko informazioa bildu da txostenean. 

Jarraibide horiekin txostenean bildutako datuen arabera, 2015eko uztailaren 1etik 2016ko irailaren 30era, EAEko Epaitegi eta Auzitegietan ustelkeriarekin lotutako delituak egiteagatik 28 pertsonen aurkako prozedura edo ahozko judizio irekitzeko autoak ebatzi ziren. 28 pertsona horiek 4 prozedura ezberdinetan prozesatu edo akusatu dituzte. Espainian, guztira, 166 prozedura ezberdinetan 1.378 akusatu egon dira.

BJKNren txostenean ustelkeriarekin lotutako delituengatik epai bidez zigortutako pertsona kopurua dator. Guztira 399 norbanako zigortu dituzte, horietatik gehienak administrazio-prebarikazioa, hirigintzako prebarikazioa eta bidegabeko eralgitzeagatik.

2017ko urtarrilaren 16ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat.

Gasteizko epaitegi bat saritu dute egiten duen lan handiagatik

Gasteizko epaitegi bat saritu dute egiten duen lan handiagatik

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Gasteizko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegiari eta Madrilgo Lan-arloko 31. Epaitegiari eman die Justizia Kalitatearen Saria, justizia eraginkorrenaren modalitatean, denbora labur-laburrean erantzuten dutela eta lan izugarria egiten dutela erakutsi dutelako.

Horrela, epaimahaiak agerian jarri du organo judizial horiek zuzentzen dituzten José Luis Núñez Corral (Gasteiz) eta María del Carmen López Hormeño (Madril) magistratuen lana, ardura, ahalegina eta profesionaltasuna, baita egunero haiekin batera jarduten dutenena ere, hau da, Gasteizko Margarita Gómez de Segura eta Luis Fernando Sánchez funtzionarioena eta Madrilgo Epaitegiko Justizia Administrazioko legelari Amaia del Castillorena.

Justizia Administrazioarekin loturiko beste organismo batzuei dagokien kategorian, justizia eraginkorrenaren saria Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiak eraman du, www.subastasprocuradores.com salmenta eta enkanterako webgunearen bitartez ondasunak diru bihurtzeko daukan sistema espezializatuagatik.

Epaimahaikideek, era berean, justizia eskuragarrienaren saria eman diote Extremadurako Auzitegi Nagusiari, agiri judizialak antolatzeko eta gaurkotzeko egiten duen lanagatik, horri esker agiriak errazago eskuratzen baitituzte hala organo judizialek nola justiziaren munduarekin zerikusia duten profesionalek.

Justizia eskuragarrienaren modalitatean, gainera, epaimahaiak Valladolideko Udalaren, Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren eta Lehen Auzialdiko 12. Epaitegiaren arteko egitasmo bat saritu du (Ignacio Martín Verona magistratua da epaitegiko titularra). Egitasmo horrek, hain zuzen, erakundeen arteko elkarlanaren bitartez, bide ematen du zor handiak dituzten herritarrak eta familiak detektatzeko, haiei behar bezalako aholkularitza emateko eta legeak ematen dien bigarren aukera horretara bideratzeko.

Azkenik, Valladolideko Probintzia Auzitegiak, Feliciano Trebolle buru duela, justizia gardenenaren saria jaso du, urteak daramatzalako justizia herritarrei gerturatzen eta hedabideei informazio egokia ematen, haiek albiste judizialak gizarteari helarazteko bide egokia izan daitezen.

Justizia Kalitatearen Sariak 2009. urtean sortu ziren, eta 2010ean eman ziren aurrenekoz. Aurten, epaimahaikide izan dira BJKNko kide Gerardo Martínez Tristán (epaimahaiburu izan da), Mar Cabrejas eta Juan Martínez Moya, alde batetik, eta honako lanbide juridiko hauetako bakoitzetik ordezkari bat: abokatua, prokuradorea, fiskala, Justizia Administrazioko legelaria eta lan-harremanetarako graduduna.

2017ko urtarrilaren 5ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.