Justizia herritarrengana hurbiltzen

Aitaren abizena ala amarena ipiniko diot lehenengo?

Orain dela gutxi arte, inor gutxiri etortzen zitzaion burura horrelako galdera bat. Hasteko, gizartea ez zegoelako prestatua ume baten lehenengo abizena amarena izan zedin; eta, bigarrenik, Legeak ez zuelako uzten.

2000ko otsailetik aurrera, ordea, Erregistro Zibileko Legeak aukera ematen die gurasoei, euren umearen lehenengo abizena zein izango den eurek erabaki dezaten. Eta horixe bihurtu da, hain juxtu, eztabaida askoren sortzaile etorkizunean guraso izango direnen artean eta, batez ere, haien eta familiaren artean. Eztabaida hau, gainera, zehatzago esanda, aitaren aitarekin egiten da nabarmenago, hau da, umearen aitona izango denarekin, hark ikusten baitu umeak ez duela familiako abizena eramango.
Alderdi emozional horiek bazterrean utzita, umearen lehenengo abizena amarena izateak ez dakar inolako arazorik Legearen aurrean. Jaioberriaren gurasoen erabaki pertsonala da, besterik ez, eta erabaki hori hartzeko hainbat arrazoi izan ohi dira kontuan: adibidez, amaren abizena ez galtzea, hark ahizpak baino ez baditu; umeak amaren familiaren abizena izatea, abizen hori aitarena baino bereziagoa bada, eta abar.

2011ko abuztuaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri: 

Aurkezpena

Gaur jaio da Justizia.net-eko blog-a. Blogean astero hitz egingo dugu Justiziaren alorrean hiritarrari gertukoen zaizkion gaiei buruz. Besteak beste, honelako gaiak ukituko ditugu: zer-nolako arazoak sortzen diren ume jaioberria inskribatzeko garaian, nola eskuratu daitekeen Espainiako nazionalitatea, nora jo dezakezun epai baten kopia eskatzera, zein urrats egin behar dituen pertsona batek ezkontzeko, nola alda zenezakeen zure abizenen ordena, eta abar.

Bloga, azken batean, elkargune bat da, eta bilatzen dena da hiritarrak iruzkinen bidez bere kezkak adieraztea bizitzan zehar Justizia Jauregi, Erregistro Zibil nahiz Bake Epaitegietan egin behar dituen tramiteen gainean. Blog hau, gainera, Justiziako profesionalei ere irekita dago (epaileei, abokatuei…); hartara haiek ere hiritarrarentzat interes handikoak diren gaiak zuzenean ezagutu ditzateke eta, aldi berean, euren iruzkinak egin ditzateke guk astero argitaratzen ditugun post-en inguruan.

Ongi etorri, beraz, denok Justizia.net-eko blogera. Zuen parte-hartzearen zain geratzen gara!

2011ko uztailaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri: 
  • « Aurrekoa
  • 1
  • ...
  • 54
  • 55
  • 56
  • 57
  • 58
  • 59
  • 60
  • Hurrengoa »