Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justizia.net-eko zerbitzuak

Osakidetzako jaiotzen inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen da jadanik

Osakidetzako jaiotzen inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen da jadanik

Osakidetzan gertatzen diren jaiotzen Erregistro Zibileko inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen dira jadanik. Horrela, Euskadiko ospitale publikoetan jaiotako haurtxoen aita eta ama gehienek, jaiotzak Erregistroari komunikatzeko, komunikazio telematikoa hautatzen dute, Osakidetzak bere ospitale guztietan eskaintzen duena joan den abenduaren 1etik eta AUOan hasi zena 2015eko urriaren 15ean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari María Jesús Múgicaren hitzetan, jakinarazpen telematikoko zerbitzua proiektu finkatua da eta beren seme-alabak erregistratzeko sistema hau erabili duten gurasoen balorazio oso onarekin ari da funtzionatzen, tramite administratiboak errazten dituelako eta erregistrorako kudeaketak ospitaletik irten gabe egiteko aukera ematen duelako. Horrela, Erregistro Zibilera joan beharra ekiditen da, nabarmendu du.

Zerbitzu berria duela urtebete hasi zen ezartzen, joan den urteko urriaren 15ean Arabako Unibertsitate Ospitalean, eta sistema honen bidez erregistratu zuen Estatu osoko lehen haurtxoa. 15 egun geroago, Arrasateko, Zumarragako eta Mendaroko ospitaleetan jarri zen abian, eta prozesua amaitzeko, abenduaren 1ean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Horrela, Euskadi lehen autonomia-erkidegoetako bat izan zen hedapena osatzen eta komunikazio telematikorako zerbitzua bere ospitale publiko guztietan eskaintzen.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzak pertsonekin duen konpromisoari erantzuten dio, osasun-sistema gero eta hurbilago eta irisgarriagoa eskainita, eta haren ezarpenean eta funtzionamendu zuzenean, Osasun Sailak lankidetzan lan egin du Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin eta erregistro zibiletako arduradunekin.

Tramitea egiteko, gurasoek formulario ofiziala beteko dute, eta horri erantsiko zaizkio jaioberriaren identifikazioa eta osasun-langileek egiten duten amarengandiko filiazioaren egiaztapena. Horren ondoren, ospitaleko zuzendaritzak, 72 orduko epean, dokumentu eskaneatua bidaliko du Erregistro Zibilera eta hark, aldi berean, inskripzioa ongi egin dela bermatzen duen ordezkagiri bat helaraziko dio familiari.

 

2016ko urriaren 21ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia.net-eko zerbitzuak . Iruzkin bat egin.

Enkante elektronikoak, diru-eskaintzak etxetik egin ditzakezu

Enkante elektronikoak, diru-eskaintzak etxetik egin ditzakezu

Duela hilabete batzuk enkante judizialetan etxetik parte har dezakezu; izan ere, orain elektronikoki egiten dira eta ez epaitegietan.

Hortaz, enkante guztiak BOEren Enkanteen Atari Bakarrean egiten dira. Hori bai, Justizianet-en EAEko ondasunei buruzko datozen enkanteen berri  izaten jarraituko duzu.

Eta enkante judizialek nola funtzionatzen duten jakin nahi baduzu, Justizianet-en “enkante elektronikoei” buruzko atal berrira jo dezakezu. Atal horretan, besteak beste, Enkante Judizialen atarian sartu, ziurtagiri digitalarekin izena eman, gordailuak telematikoki egin eta diru-eskaintzetan online parte-hartzeko modua azaltzen dizugu.

Zure zain gaude!

2016ko irailaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia digitala. Iruzkin bat.